XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Autoak beldurtzeko txorimaloa.

Behin Jose Mosek triste-triste ikusi zituen herriko haurrak plazan.

Inguratu zen haurrengana eta galdetu zien: - Zer gertatzen zaizue? Haurrek erantzun zioten: - Uda honetan ez du herrian batere euririk egin.

Eta ur gutxi dago iturrietan.

Edateko adina iristen da bakarrik.

- Eta zergatik ez zarete itsasoan bainatzen?- galdetu zien Jose Mosek.

-Itsaso guztia zikin-zikina dagoelako.

- Eta zer nahi duzue orduan? - Zer nahi dugun? Arranopola! A ze galderak egiten dituzun, Jose Mose! Dutxatzeko behar dugu ura.

Zertarako bestela? Jose Mosek begiratu zien haurrei eta batzuk belaun beltzak zituzten, beste batzuk eskuak zituzten zikin-zikinak, beste batzuk, berriz, sudurpea mukiz betea zuten.

Jose Mosek esan zien: - Lasai! Nik konponduko dut zuen arazoa.

Hartu zuen mundu guztian zehar lasai-lasai eta azkar-azkar ibiltzeko patinetea eta han joan zen munduan zehar, Ipar Polotik Hego Polora, Txinatik Txilera, ibai txikienetatik itsas zabalenetara.

Eta egun gutxi barru han agertu zen herrian berriro Jose Mose.

- Konpondu al duzu gure arazoa? galdetu zioten haurrek Dutxatzerik izango al dugu? - Noski baietz! - erantzun zien Jose Mosek.

- Zoazte kaiara eta han izango duzue dutxatzeko aukerarik.

Joan ziren haurrak kaiara eta zer ikusiko bertan eta balea beltz, izugarria zegoen kaiaren orma ondoan, lasai-lasai.

- Eta zertarako balio digu baleak?- galdetu zuen neska batek.

- Nola dutxatuko gara? Une hartanxe, balearen bizkar gainetik ur-iturri ugaria altxa zen zeruruntz.

- Hara zer dutxa ederra!- esan zuten haurrek.

Igo ziren haurrak balearen bizkar gainera eta harrez geroz, Jose Moseren herriko haurrek garbi-garbiak edukitzen dituzte belaunak, eskuak eta sudurpeak.